Super Dangerous Dungeons

Plataformak
Irteera data:  2018-06-02
Adina:  PEGI: 3+
Moduak:  Singleplayer
Gehienezko jokalari kopurua:  1

Bideo-joko berritzaile baten bila bazabiltza Super Dangerous Dungeons ez da zuretzat. Plataforma joko bat da, ez besterik, baina plataforma joko txukun eta oso dibertigarri bat.

Lehen begiratuan atentzioa deitzen dute 16 bit estilo retroko grafiko koloretsuek. KungFuFurby-k konposatutako musika ere oso egokia da eta SuperNES/Mega Drive garaira eramango zaitu.

Pantailak laburrak dira eta horrek jokoa dosi txikietan gozatzeko aukera ematen du. Hurrengo pantailara pasa ahal izateko amaierako atea irekitzen duen giltza eskuratu behar da, horretarako hainbat motatako oztopoen artetik igaro behar delarik. Esan bezala berritasunik ez alde honetatik.

Zailtasunari dagokionez, lehen pantailak errazak dira baina aurrera egin ahala zailtzen da. Hutsegite bakar bat egiten baduzu berriz hasi behar duzu pantailaren hasieratik. Horren ondorioz, pantaila batzuk pasatzeko 10, 20... n aldiz saiatu beharra dago. Hala ere, zailtasun maila ondo neurtuta dago, zaila da baina ez ezinezkoa. Alde horretatik nabarmentzekoak dira maila amaierako pantaila bereziak eta pantaila sekretuak, gainerako pantailak baino luzeagoak dira eta behatzei gogotik eragin beharra dago gainditzeko.

Jokoa nahiko laburra da, jokalaririk abilenek 20 minutuan pasatzen dute baina hori ez dago edozeinen esku. Jokalari arrunt batek zenbait ordu beharko ditu amaierara iristeko.

Alde teknikoari dagokionez aipagarria da garatzaile independente bakarraren lana izatea. Jussi Simpanen finlandiarrak Stencyl erabili du garapenean. Stencyl-ek bideo-jokoak “koderik erabili gabe” sortzeko aukera ematen du, horretarako Scratch-en antzerako bloke sistema bat erabiltzen duelarik. Nahi duenak bloke berezi berriak programa ditzake.